Urriko Iraultzatik 102 urte iragan direla: errespetua guardatu zuten beldur ziren artean

Urriko Iraultzatik 102 urte iragan direla: errespetua guardatu zuten beldur ziren artean

    Ion Mendiolea

    Azaroaren 7a dugu Urriko Iraultzaren hasieratzat jotzen den gertaeraren data. Tsarren Neguko Jauregia zena hartzea, hain zuzen ere. Eta, jakingo duzuenez, Azaroan hasitako iraultza bati Urriko iraultza deitzearen arrazoia da garai hartako Errusiako egutegi ofizialaren aldaketa. Zeren eta egutegi berria, legez, indarrean bazegoen ere, ez baitzen errotuta herrian eta, ondorioz, jendeak Urriko Iraultza zioen eta horrela heldu zaigu izena.

    Hau guztia ez da oso garrantzitsua, noski. Egitate historikoak mugatzeko datak konbentzionalak izaten direlako. Dena den, Urrikoa deitzen diogun iraultza hura esplotatu eta zapalduek euren buruak askatzeko borrokan, emantzipazio humanoaren aldeko borrokan, mugarri garrantzitsu bat dugu. Borroka historiko honetan salto kualitatibo handia burutu zelako. Garrantzi handiko irakaspenak laga dizkigu beraz

    Haietako bat agiri honen titulua agertzen dena. Txirritaren bertso batzuetatik atera duguna (Kubako gerraren bertsoetatik, alegia: errespetua guardatu zuten, beldur ziraden artian) eta esangura argia duena: zapaltzaileek zapalduei egiten dizkieten kontzesio guztiak azken hauen matxinadaren beldurraren ondorioak izaten dira. Beldur hori desagertzen edo ahultzen denean lehenek haien ohiko harrokeria berreskuratzen dute eta akabo kontzesioak. Esperientzia historiko luze batek erakusten digunez. Jaka Horien mugimendua zein Ekuador eta Txileko herri-altxamenduak gehitu ahal zaizkiona.

    Oraindik egiagoa da hau esplotazio-sistema bati, egungo sistema kapitalistari bezala, bere dekadentzia-garaia heldu bazaio. Hau da, heldu bada garai batera non indarrean dauden esplotazio harremanak indar produktiboen garapenaren bultzatzaileak izan beharrean haren oztopoak bilakatu diren. Zeren eta aipatutako kontzesio haien oinarri material bakarra sistema sozialaren baitan posible den indar produktiboen garapena baita. Bestela esanda, lan berdina erabiliz eta sistema kolokan jarri barik, tarta handiagoa egitea posible bada, posible da ere langileriari zati handiagoa ematea. Orain, muga sozialek (ez naturalek, ez teknologikoek) tarta handiagoa ekoiztea eragozten badute, ez dago esplotatuei zati handiago bat ematerik.

   Kapitalismoaren dekadentzia-garaia, beraz, erreformismoaren porrotaren garaia da ere bai. Ez da kasualitatea Urriko Iraultza Handia erreformismoak I Mundu-Gerran buruturiko traizio lotsagarriaren ondorengoa izatea. Izan ere, Tsarren Inperioa zenean 1917an gertatutako iraultza hura kapitalismoaren dekadentziaren ondorioa izan zen. XX mendetako iraultza guztiak (Txina, Vietnam, Kuba...) bezala. Eta periodo berean garatutako mugimendu iraultzaile guztiak (Irlanda, Euskal Herria, El Salvador,...) bezala, estatu-boterea hartzetik urrun geratu baziren ere. Kasu hauetan guztietan erreformismoak modu miserablean porrot egin ondoren hartu baitzuten langile-masa zabalek bide iraultzailea. Kapitalismoaren porrot historikoa bera erreformatu edota modu gradualean gainditu nahi dutenen porrota ere bada beraz.

     Egungo erreformistek, berriz, diote iraultza sozialista dela porrot egin duena. Tesi honek duen sostengu enpiriko bakarra, baina, da, alde batetik, iraultza horien itzalguneak eta, bestetik, kapitalismoaren berrezartzea, modu batean ala bestean, iraultzak gertatu ziren herrialdeetan.

 Ideologia burgesaren topikoak eta gezurrak kentzen direnean, berriz, egia historikoak erakusten digu argiuneak itzalguneak baino gehiago izan direla. Bestalde, prozesu historiko konplexu batean atzerapenak gertatzea ez da harritzekoa. Iraultza burgesek ere izan zituzten halakoak. Gainera, iraultza sozialistaren xedea ez da ezabatzea esplotazio-modu bat beste bat ezartzeko haren ordez. Esplotazio-Forma oro behin betiko ezabatzea baizik. Normala da prozesu hori bereziki zaila eta konplexua izatea, orduan. Hau guztia kontutan hartuta, Urriko Iraultzaren eta XX mendeko gainontzeko iraultzen lorpenak gutxiesten dituzten “antikapitalista” horiek antikapitalistak izenagatik soilik dira.

 Eta, nolanahi ere, erreformismoaren porrota askoz handiagoa da. Izan ere, zer erreformak, zer aldaketa sozioekonomikoak, langileen aldekoak, lortu dituzte erreformistek 1989tik hona? Garai hau izan da aro galdu bat munduko langileriatzat. Eta zer esan aurreko garaian lortutako aurrerapenei buruz? Badakizue, ongizate-estatua delako hura, deskolonizazioa, arrazakeria ahultzea feminismoa... Ez da batere zaila frogatzea lorpen hauek guztiak burgesiaren beldurraren ondorioak izan zirela. Ez eta beldur horren iturria jakitea ere: gorago aipatu den 1917an altxatutako olatu iraultzaile handia.

 Egun murrizten dizkiguten zerbitzu publiko unibertsalak eta doakoak (osasuna, irakaskuntza...) garatzen Sobiet Batasuna zena izan zitzaigun aitzindaria. Era berean, Sobiet Batasunean, langileek lehendabizi izan zituzten opor eta gaixoaldi-baja ordainduak, 35 orduko lan-astea, eta beste antzeko eskubide batzuk. Honegatik guztiagatik estatu inperialistak antzeko eskubideak onartzera behartuta aurkitu ziren. Iraultza sozialistaren beldurrez.

Beldur honen eragina, baina, ez da arlo sozioekonomikora mugatzen. Beste horrenbeste esan ahal da emakumeen eskubideei dagokionez. Herrialde sozialistek hamarkadak zeramatzaten berdintasunaren aldeko neurri arrakastatsuak ezartzen, nahikoak ez baziren ere, estatu kapitalista batzuk gai euren agenda politikoetan sartzen hasi zirenean. Klase-Feminismo iraultzaile bat sortzeko beldurrez.

Arestian ekarritako adibideak dira “eredu onaren mehatxu” delakoaren etsenpluak. Hots, estatu kapitalistek estatu sozialistek hartutako neurriak imitatzen dituzte, langileek sozialismoa ideia ona zela pentsatzeko beldurrez. Ez zen hau, baina, Urriko Iraultzak kapitalismoaren barruko erreformak bultzatzeko modu bakarra. Zeren eta iraultza horrek ere ekarri baitzuen nazioarteko mugimendu iraultzaile handi bat, zapalkuntza eta esplotazioaren aurkako borrokarako mundu mailako indar nagusia izan zena. Hau da, mugimendu hori izan zen emakumearen zapalkuntza, langileen mugagabeko esplotazioa, kolonialismo, arrazismo etab borrokatzen indar nagusia. Mugimendu horri aurre egiteko erabili zuen errepresio gogorra eta, honekin batera, kontzesio batzuk egitea zapalduen talde batzuei egitea.

Aitzitik, 1917ko olatua erraldoiaren energia disipatzen hasi zenean (errebisionismo mota ezberdinek sortutako marruskadurengatik) erreformismoa ere hasi zen indarra galtzen. Eta ahuldutako olatu hura oraindik zutik zegoen inperialismoaren kontra apurtu zenean, zapaltzaileek herri langileen konkisten aurkako kontraeraso gogorrari ekin zioten.  

Erreformistek, bere aldetik, honi aurre egiteko gauza ez izateaz gain, burgesiaren laguntzaileak ere bilakatu ziren. Herri langileen erresistentzia ahultzen. Gradualismoa, pazifismoa, demokratismoa eta legalismoa diren pozoien bidez. Estatu Kapitalista “hiritar guztien estatua” zela, guztien onaren zaindaria, kapitalaren aurrean, sinestarazten. Honela iraultza, kapitalismoa gainditzea, langileriaren irudimen kolektibotik joan zen desagertzen, kapitala beldurtzen zuten borroka-moldeak kriminalizatu ziren. Eta hau guztia nahikoa ez balitz bezala, gobernu burgesetan suhiltzailearenak egin zuten. Hau da, 1970-ko hamarkadatik hona, erreformismoaren balentrien historia laburra. Eurokomunismotik eta alderdi berdetatik egungo ezkerreko populismora. Frantzia, Italia eta Espainiako alderdi “komunista” direlakoetatik egungo Podemos, Die Link, Szyriza, Sortu eta antzekoetara.

Egitate historikoek, beraz, argi frogatzen digute kapitalistek errespetua guardatu zutela beldur ziren artean. Eta, ondorioz, erreformismoaren porrota ere bai. Zeren eta argi ikusten da erreformismoa iraultzaren parasitoa ala erreakzio burgesaren txakur leiala izan dela eta ez beste ezer. Haatik, kapitalismo dekadentearen mundu nahasi honetan, erreformistek iraultzaren beharra defendatzen dugunoi kargu hartzen digute, eguneroko arazoak ahazten omen ditugulako, langabetuak, prekarietatean bizi diren langileak etab ahazten ditugulako omen.

 Erantzun erraza duena: herri langilearen sektore esplotatu eta zapalduenen alde egin daitekeen onena da mugimendu iraultzaile baten eraikuntzan laguntzea da. Hau edozein txorakeria erreformistan aritzea (eskubide sozialen gutuna, ezkerreko gobernu bat...) baino askoz eraginkorragoa da. Eta ez bakarrik epe luzeko konponbide bakarra izateagatik. Baizik eta soilik mugimendu iraultzaile sendo batek epe laburreko lorpenak ekar ditzakeelako ere baIriiIrii. Esperientzia luze batek, 1917tik hona, erakusten duenez.

GEHIEN IRAKURRI