Nortzuk gara

HERRITAR BATASUNA, alderdi, talde eta antolakunde sozio politiko, herri mugimendu zein militante independente eta burujabeen konbergentzia eta elkargunea gara. Batzuk, euskal estatua den Nafarroako konkista progresibo eta iraunkorraren aurka jarduten duen patriotismo nafarraren ildokoak; beste batzuk, 1930 inguruan sortutako Ezkerreko Abertzaletasun Ekintzalekoak; edo 1950 aldean abiatu zen Euskal Nazio Askapenerako Mugimendukoak ere; baita geure borroka Ezker Abertzale independentista eta sozialista iraultzailean kokatu nahi dugun gazteok ere; honekin batera, joera libertario, komunista eta bestelako ezkerreko sentsibilitate sozio politikoetatik, proiektu global honetara hurbildutako kolektibo eta herritarrok oro har.

Azken garaietan Euskal Herria, hau da, Nafarroa Osoa askatzeko mugimenduak bizi duen krisi estrategiko larria kontuan harturik, Ezker Abertzaleko sektore batek bultzatu duen norabide aldaketa erreformista eta praktika elektoralista-instituzionalista hutsaren eraginez, Herri honen askatasunaren aldeko borroka guztien oroimena, eta bereziki 1978ko Herri Batasunaren gogo independentista eta sozialista iraultzailea berreskuratu, aberastu eta eguneratzeko asmoz, HERRITAR BATASUNA berria antolatzen hastea erabaki dugu.