30 URTE BORROKAN: AURRERA, IKASLE ABERTZALEAK!

30 URTE BORROKAN:

AURRERA,

IKASLE ABERTZALEAK!

HERRITAR BATASUNAk bihotz-bihotzez, zintzo eta kartsuki zoriondu nahi du Ikasle Abertzaleak antolakundea bere sorreraren 30. urteurrenean. 1988ko azaroaren 17an sortu zineten Iruñeko auzo langile eta borrokalari batean: Txantrean, hain zuzen ere. Erabateko sinbolismoa du aukeratutako tokiak: Nafarroa Osoko hiriburuan, Euskal Herriko hiri buruzagian, Euskal Langileriaren borroken leku enblematikoan, hau da, Euskal Herri Langilearen bihotza.

30 urtez tinko eta zintzo eraman duzue aurrera zeuen borroka miresgarria, Euskal Eskola Nazionalaren aldekoa, eta hori, klase ikuspegitik. Izan ere, betidanik argi eta garbi izan duzue Euskal Langile Klasearen parte zaretela, eta horregatik klase kontzientzia nazionala pizten eta garatzen saiatu zarete gogor eta gogoz. Horrekin batera, kontzientzia iraultzaile horri dagokion praktika ere aurrera eraman duzue sutsuki: praxi independentista, sozialista, feminista, euskalduna. 30 urtez Euskal Herri Langilearen bihotz gero eta gazteagoa izan zarete. Eta aurrerantzean ere halaxe izanen zarete, horretan ez dugu duda izpirik ere!

Hain zuzen ere, hori da estrategia errotik aldatu dutenek inolaz ere barkatzen ez dizuetena. Estrategiaz aldatu dira, bai, haiek beraiek aitortzen dute hori, bainan ez Euskal Herri Langilea, Euskal Langileria buru eta gidari, Independentzia, Sozialismoa, Birbatasun Nazionala, Berreuskalduntzea eta Feminismoa konkistatzera eramateko, baizik eta gure Herria PNVren altzo burges basko espainolerat eroateko, estrategia autonomista, erreformista eta sozialdemokrata baten bidez. Horregatik erasoak eta azpijokoak, jukutriak eta gezurrak, iruzurrak... Azkenaldi honetan gero eta maizago ikusten ari garen bezala.

Hori da gaur egungo arazo eta istilu guztien iturburua: estrategia. Estrategia abertzale, sozialista eta feminista iraultzailea, ala estrategia autonomista, sozialdemokrata eta erreformista postmodernoa. Ez dago erdibiderik. Aukeratu beharra dago. Zirt edo zart! Gero eta argiago dago bi estrategia kontrajarriak direla, areago oraindik, guztiz inkonpatibleak. Hori ikusten ari gara egunero arlo guzti-guztietan. Alferrik da ezikusiarena egitea, estrategia talka horrek egoera politikoa determinatzen baitu.

Biziki pozgarria da ikustea Ikasle Abertzaleak antolakundea tinko mantendu dela betiko bidean, abertzaletasun sozialista iraultzailearen estrategian, hain zuzen ere. Egin beharreko aldaketa, berrikuntza, zuzenketa eta autokritika guztiak eginda, bistan da, eta hori da zuen meritua. Honek laguntza handia ekarriko dio Ezker Abertzale Iraultzailearen berreraikitzeko lan erraldoiari. Biba zuek eta jo aurrera!!!

Besarkada iraultzaile handi bat, Ikasle Abertzaleak! Zuek aski ongi jakinen duzue zeuen antolakundea indartzen eta aurrera eramaten. Euskal Herri Langilea, gure Aberri bakarra, askatzeko borroketan elkar ikusiko dugu! Zorionak eta aunitz urtez!

 

 

GORA IKASLEEN BORROKA!!! 

GORA IKASLE ABERTZALEAK!!! 

GORA EUSKAL IRAULTZA!!! 

JO TA KE, IRABAZI ARTE!!! 

INDEPENDENTZIA ETA SOZIALISMOA!!! 

IRAULTZA DA BIDE BAKARRA!!!