BENETAKO MARTXOAren 8aren ALDE!

EMAKUME LANGILEAREN EGUNA:

IRAULTZAILEA, BORROKALARIA,

LANGILE KLASEKOA!

 

Ez dugu ahaztu behar zergatik sortu zen benetan Martxoaren 8a, Emakume Langilearen Eguna, eta emakume haien borrokaren oroitzapena ospatu behar dugu, iraultzailea eta langile klasea, KAPITALA, PATRIARKATUA eta ESTATUA suntsitzeko. Oroitu behar ditugu emakume horiek guztiak, zeinak izan baitziren bortxatuak, torturatuak, espetxeratuak, bizirik erreak eta asasinatuak gu guztion eskubideen alde borroka egiteagatik. Historiaren parte oso garrantzitsua izan ziren, baina Burgesia beti saiatu izan da haiek ezabatzen eta ikusezin bilakatzen.

Gaur egun eta beti, KAPITALA saiatzen da gogoz eta gogor borroka feminista iraultzailea erabat deformatzen, egutegiko beste egun normal bilakatzeko, sakontasunik gabeko ospakizun, zerbait axaleko, klase borroka ezkutatuz.

Argi izan behar dugu geure borrokaren helburua, eta ez erori Burgesiaren tranpa eta amarruetan, ez eman amore erreformismoari, ezta urrats batean ere. Horrek guztiak bakar bakarrik balio du langile klasea zatitzeko. Izan ere, Kapitalaren, Elizaren, komunikabideen eta irakaskuntzaren bidez moral burges, puritano, autoritario, patriarkal eta matxista inposatzen dute, beren helburu bakarra buruan “berdintasuna” hitza sartzea da, sinestaraziz emakume guztiok berdinak garela, eta EZ, denak ez gara berdinak, guk, emakume langileok, ez dugu zerikusirik emakume burgesekin.

Berdintasuna, zertarako? Goi kargu exekutibo, parlamentari, polizialetara … iristeko? Edo sistema kapitalistaren esplotazioaz baliatzeko? Azken hau erabiliko dute haien zapalkuntza arintzeko, eta gu gara, emakume langileok, beren etxeak garbitu eta beren seme-alabak zainduko ditugunok, kontratu prekarioekin eta soldata oso baxuekin.

Indibidualismoan oinarritzen dira, legeetan erreformak eskatzera mugatzen dira, hezkuntza, enplegua, bainan ez dute inoiz erasotzen, ezta kuestionatzen ere, botere egiturak, eta Estatua neutral kontsideratzen dute, emakumeen alde aritzen ahalko balitz bezala. Bainan Estatu burges guztietan, non inposizioz bizi behar baitugu, Sistema Patriarkal bat dago, emakumeon esplotazioaz, menderatzeaz eta subordinazioaz elikatzen dena.

Honengatik guztiarengatik, eta Emakume Langilearen Egunean, HERRITAR BATASUNAk, antolakunde feminista gisa, emakumeon benetako emantzipazioaren alde apustu egiten dugu. Emantzipazio hau kokatu behar da askapen humanoaren aldeko mugimendu zabal batean, langileon eskutan jarriz produkzio tresna guztien eta aberastasunaren kontrola, klaserik gabeko sozietate batean, Estaturik gabea, autogestionatua, Sistema PATRIARKAL, MATXISTA   eta KAPITALISTA suntsituz, zeren sistema honek zapaltzen gaitu hala emazteok nola gizonak ere. Horregatik elkarrekin borrokatu behar dugu geure askapenaren alde, pertsona libreak izateko sozietate libre batean.

 

GORA EMAKUME LANGILEON BORROKA!!!

GORA FEMINISMO IRAULTZAILEA!!!

 

GORA NAFARROAKO EUSKAL ERREPUBLIKA,

EKOSOZIALISTA, FEMINISTA,

KONFEDERALA ETA EUSKALDUNA!!!

 

KAPITALISMOA, ESTATUA ETA PATRIARKATUA

BEHIN BETIKOTZ SUNTSITZEKO,

GORA EUSKAL IRAULTZA!!!