KEPA, OMENALDIRIK HOBERENA, GARAIPENA!

Kepa del Hoyo ez da espetxean hil. Espetxeak hil egin du. Inor ez da presondegian hiltzen. Presondegiek hil egiten dute, torturatzeko tresnak direlako. Sistema inperialista, kapitalista eta patriarkal honek zapaldu guztion aurka etengabe erabiltzen duen biolentzia mugagabearen beste tresna bat direnez, kartzelak makina hiltzaileak dira. Edonon.

Kepa del Hoyo Euskal Herriaren askatasunaren aldeko gudaria zen, eta horregatik izan zuten preso ia hogei urtez, 1998tik, Carabanchel, Valdemoro, Alcala Mecon, Langraitz eta Badajozen. Euskal militante iraultzaile bat zen, eta bere idazki batean argi eta garbi hitz egiten zuen “Euskal Herri libre, independiente eta sozialistaren ametsaz.”

Kepa del Hoyo gudari presoa Estatu Espainolak, hau da, PPk kudeatzen duen 1978ko erregimen monarkikoak asasinatu egin du. Baina PP, alderdi ustel eta neofrankista hau ez da bere heriotzaren erantzule bakarra. Estatu Espainolaren sistema inperialista, kapitalista eta patriarkala sustengatzen duten indar eta talde politiko zein sindikal orok hil egin dute Kepa. Eta bereziki, burgesia basko-espainolaren alderdiak, PNVk, alegia.

Alfer-alferrik aritu da Urkullu Euskal Herriaren mendebaldeko presidente autonomiko espainola, zinismo eta hipokrisia nazkagarriaz, bere erantzukizuna zuritzen nazional-katolizismo basko-espainolaren santutegian, senideen aurrean. Kiratsa eta ustel usaina darie bere hitzei, jakinik euskal preso politikoen aurkako espetxe politika kriminalaren diseinuan betidanik PNVk izan duen ardura, kolaborazionismo eta konplizitatea. Eta areago orain, krisi sakonean dagoen PP eta Monarkia bera ere, bere botoez eta laguntza politikoz argi eta garbi sustengatu dituenean. Beste behin ere, PNVk salbatu egin du neofrankismoa.

Catalunya bere askatasun nazional eta sozialaren alde urrats ausartekin borrokan ari den honetan, ageriago gelditzen da burgesia basko-espainola dela Euskal Herri Langilearen aurkako zapalkuntzaren agente dezisibo eta ezinbestekoa. Euskal Herria ez da libre izanen PNV nagusi den bitartean.

Alfer-alferrik aritzen dira erreformistak PNVren esperoan, balizko itun, akordio eta hitzarmen instituzional-nazionalen zain. PNVk Ezker Abertzale osoaren derrota erabatekoa nahi du, eta horren baitan sartzen da euskal preso politikoen aurkako politika kriminala, zeina baita: “damutu ala hil”, preso gaixoekin bereziki ikusten ari garen bezala. Ez dago legedia neofrankistaren baitan inolako zirrikiturik euskal preso eta iheslari politikoak etxeratzeko zutik eta tinko, makurtu, belaunikatu eta damutu gabe, zeren 1978ko erregimenak den-dena antolatua baitu Euskal Herria askatzeko borroka garaitzeko, eta bereziki, giltzapean dituzten euskal militante iraultzaileen erresistentzia politikoa suntsitzeko.

Irtenbide bakarra dugu denok: borroka. Euskal Herri independente, birbatu, sozialista, euskaldun, feminista eta ekologistaren aldeko herri eta langile borroka. Beste hitzez esateko, Nafarroa Osoaren deskonkista askatzailearen aldeko gudua. Eta bereziki, AMNISTIA OSOAren aldeko borroka indartzea. Amnistia Osoa eta baldintzarik gabea baita euskal preso eta iheslari politikoak etxeratzeko bide bakarra, eta honek esan nahi 1978ko erregimen neofrankista mafiosoa iraultzea, borrokaren azken berrogei urteek argi utzi duten bezala. Sistema ustel eta zapaltzaile hau krisi larrian da, eta orain da momentua borroka guztiak indartu eta areagotzeko, zinezko haustura demokratiko baten alde, Euskal Herri libre, independiente eta sozialistaren ametsa”ren bidean, Keparen hitzez esateko.

HERRITAR BATASUNAk dei egiten dio Euskal Herri Langileari larunbatean, arratsaldeko 6etan Galdakaon eginen den manifestazio nazionalera joateko. Bertan izango gara gu ere, gure lelo eta pankartekin, Kepa Del Hoyo Hernandez gudariari gure omenaldirik sentituena egiteko. Eta omenaldirik hoberena garaipena da. Independentzia eta Sozialismoa.

Besarkadarik beroenak une samin hauetan Maite bikoteari eta Peru semeari. Ezin dugu esan nahiko genukeen guztia, adierazpen askatasunik ez dagoelako. Beraz, Keparen beraren hitzez bukatuko dugu agiri hau:

             “Hemen eustea, hori borroka! Askatasun osora ttantaka, geroaren alde bultzaka”

Agur eta ohore, Kepa! Irabazi arte, beti!

INDEPENDENTZIA ETA SOZIALISMOA!

 BORROKAK EZ DU ETENI