Herritar Batasuna sortzeko eztabaida prozesua abiatu dute (bideo)

Agerraldia egin dute gaur eguerdian, Iruñeko Foruen monumentuan, Herritar Batasuna sortzea jomuga duten alderdi, talde eta antolakunde sozio politikoetako ordezkariek; besteak beste, Askatasunaren Bidean batzarrekoak, Eusko Ekintza alderdikoak eta Euskal Herriko Komunistak batu dira. Pasa den azaroan, Barakaldon (Bizkaia) egindako batzarrean onartutako zirriborroan jasotzen den bezala, lau helburu nagusi nabarmendu dituzte: independentzia, sozialismoa, berreuskalduntzea eta birbatasuna. Era berean, feminismoa eta ekologismoa ere, funtsezko helburuak direla jakinarazi dute.

Azaldu dutenez, Euskal Herria askatzeko borrokan, langileen interesei "lehentasuna" emango diete. Izan ere, Herritar Batasunaren kideen irudiko, "nazioaren askatasuna independentzia den bezalaxe, langileen askatasuna sozialismoa da". Gaineratu dutenez, "Nafarroa osoaren" deskonkista erdietsi nahi dute, eta horren baitan kokatzen dute "euskal borrokalari guztientzat" eta inolako baldintzarik gabeko amnistia osoa.

Oraindik, "elkargunea" eratzeko prozesuan dagoen arren, helburuak betetzeko tresnak mobilizazioa, desobedientzia, intsumisioa eta erresistentzia aktiboa izango direla adierazi dute. "Frantzia eta Espainia estatu konkistatzaile eta inbaditzaileen aurkako konfrontazioa etengabekoa izango da". Gainera, egungo sistema politikoan nagusi diren alderdien funtzionamenduarekin apurtu nahi dute. Hala, "elkarguneak" funtzionamendu asanblearioa, demokratikoa, parte hartzailea, gardena eta behetik gorakoa izango duela ziurtatu dute.

 

 

HERRITAR BATASUNAREN AURKEZPENA

Agerraldi publiko honen bidez jakinarazi nahi diogu nafar lurralde guztietako herritar orori, eta bereziki Euskal Herri Langileari, hainbat taldek eta militantek erabaki dugula Herritar Batasuna eraikitzeko eztabaida prozesuari hasiera ematea.

Duela bi hilabete, 2016ko azaroaren 26an, Barakaldon egindako batzarrean onartu genuen eztabaidarako zirriborroa, non agertzen baitira gure helburuak eta antolakuntzarako printzipioak.

Orain plazara agertzen gara, ozenki adierazteko gaurtik aurrera eta udaberrian zehar eztabaida prozesua hasiko dela herriz herri, eta auzoz auzo.

Gure helburu nagusia, sozietate honentzat erabateko askatasuna lortzea da maila guztietan, jende librea izateko jendarte libre batean. Horretarako, gure lau helburuak: Independentzia, Sozialismoa, Berreuskalduntzea eta Birbatasuna erdietsi nahi ditugu, eta horiekin batera, Feminismoa eta Ekologismoa ere.

Euskal Nazioari bi manerez erraten diogu, zeinak baitira txanpon bereko bi aldeak: Euskal Herria eta Nafarroa. Nazio linguistiko zein kulturala, eta nazio politiko zein estatala.

Zenbat eta Nafarroago, orduan eta Euskal Herriago. Zenbat eta Euskal Herriago, orduan eta Nafarroago.

Independentzia behar dugu Sozialismoa askatasunean eraikitzeko, eta Sozialismoa, benetan independenteak izateko. Prozesu askatzaile beraren bi aldeak dira. Horregatik gara antikapitalistak, antifaxistak eta antinperialistak. Horregatik gara ekosozialistak, feministak eta internazionalistak.

Herritar Batasunak klase izaera du, Euskal Nazioa askatzeko borrokan Langileriaren interesei lehentasuna emanez. Nazioaren askatasuna Independentzia den bezalaxe, langileen askatasuna Sozialismoa da. Prozesu askatzaile beraren bi aldeak dira.

Nafarroa Osoaren deskonkista lortu nahi dugu, eta horren baitan kokatzen dugu Amnistia Osoa euskal borrokalari guztientzat, inolako baldintzarik gabe. Eta ildo berean ageri da guretzat askatasunaren aldeko borroka guztien oroimen historikoa, eta honekin batera errelatoarena ere. Bide berean ere, etnozidioaren aurka Euskal Herria berreuskalduntzea.

Mobilizazioa, desobedientzia, intsumisioa eta erresietentzia aktiboa izanen dira gure borroka tresnak Estatu konkistatzaile eta inbaditzaileen aurkako etengabeko konfrontazioan.

Herri eta langile mugimenduan oinarritutako Herri Boterearen estrategia izanen da gurea. Honen ondorioz, funtzionamendu asanblearioa, demokratikoa, parte hartzailea, gardena eta behetik gorakoa segurtatuko dugu. Gure egitura eta erabakigune guztietan, batzarrek botere, autonomia eta ahalmen osoa ukanen dute, informazio guztien jabe. Auzolana eta auzalorra, gure Herriaren erro komunalistak dira, indartu beharrekoak.

Herritar Batasunak, sistemaren aldeko alderdi politiko klasikoen ezaugarriei ihesi egingo die, bereziki autoritarismoa, sektarismoa, burokratizazioa eta oskurantismoa ebitatuz, Frantzia eta Espainia estatu konkistatzaile zein zapaltzaileen eta nazioarteko kapital monopolistaren aurkako konfrontaziorako tresna bilakatuz.

Programa politiko askatzaile eta iraultzaile hau, NAFAR ERREPUBLIKA eta bere sinonimoa den EUSKAL ERREPUBLIKAren aldarrikapenean laburbiltzen da.

Goazen Herritar Batasuna denon artean antolatzera!

Antolatu eta borrokatu gurekin batera!

Iruñean, 2017ko urtarrilaren 28an.