Herri Batzarre. Durango. Apirilaren 16an, igandean 12etan

Honen alde dei egiten dizuegu Durangora joateko, apirilaren 16an, igandean, eguerdiko 12etan, Andra Maria elizako arkupera. Han Herri Batzarra egingo dugu. Kolektiboki eztabaidatuko dugu gaur egungo egoeraz eta denon artean erabakiko zer egin Euskal Herri Langilearen askapen nazional eta sozialaren aldeko borroka guztiak indartzeko.

EUSKAL HERRI LANGILEAREN ASKATASUN OSOA HELBURU,

BORROKA DA BIDE BAKARRA!

Askatasunaren Bidean, EHK-Euskal Herriko Komunistak, Eusko Ekintza.

 

INDEPENDENTZIA ETA SOZIALISMOA!

BORROKAK EZ DU ETENIK!

 

 

Egun, gure ustez, Aberri Eguna egun folkloriko hutsa, zentzurik txarrenean “normalizatuta”, edota indar politiko instituzionalen unez uneko politikak aldarrikatzeko eguna bilakatu da. Gurea, zapaldutako nazioa izanik, sozialki eta nazionalki zapalduta, ulergaitza da Aberri Eguna borrokaren aldarrikapenerako eguna ez izatea. Horregatik, zaila da zerbait partekatzea, egungo zapalkuntza nazional eta soziala existitzen ez dela aldarrikatzen dutenekin; edo estatu konkistatzaileen legitimitatea, autonomiarekin eta inondik inora existitzen ez den bi berdinen arteko harremanarekin egunero zuritzen dutenekin; edo Aberri Eguna beraien bira ideologiko lotsagarria zuritzeko erabili nahi izango dutenekin.1978ko Aberri Eguna, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta Larrun mendian. Irudian, Iruñeko manifestazioa Gazteluko Plazan, 35.000 lagun inguru elkartu ziren.

Aurten ere, Aberri Eguna, kapitalismoaren krisi ekonomiko globalak bete betean harrapatu du. Egoera honek Euskal Herri Langilearen sektore guztiok jotzen gaitu, eta bereziki Langileria. Langile klasea. Honen ondorioz, Ezker Abertzalea ere krisi betean dago.

Egunero sufritzen ditugu zapalkuntza nazional, sozial eta patriarkalak: langabezia iraunkor eta estrukturala; pobrezia soziala, ekonomikoa, energetikoa, elikadurazkoa; etxegabetzeak eta prekaritatearen larritzea, nagusiki emakumeontzat; lan istripu ikaragarriak eta lanean hildako langile ugari; esplotazio ekonomikoa; gizon eta emakumeon arteko lan sarien diskriminazioa; hezkuntza, osasungintza eta zerbitzu sozialetan murrizketak; pentsioen baliogabetzea; hipoteken soka itogarria eta argindarraren prezioaren igoera; terrorismo patriarkal etengabea eta emakumeon aurkako biolentzia egiturazkoa: bortizkeriak, eraso sexualak, bortxaketak, tratu txarrak eta erailketak, gobernuen eta komunikabideen kolaborazio hipokritaz, eta tamalez, jende askoren indiferentziaz; zapalkuntza nazionala eta gure aberriaren okupazio militarra; Euskararen desagertze progresiboa eta euskaldunon aurkako etnozidioa; atxiloketak, adierazpen askatasunaren aurkako erasoak eta (auto)zentsurak; torturak eta tai gabeko oldartze polizialak; espetxeetako egoera okertzea eta euskal preso politikoen zein beren senideen aurkako sakabanaketa areagotzea …

Frantzia eta Espainiako bi estatu zapaltzaileek oligarkia kapitalista eta inperialisten tresnak dira, zeinek beren eskura dituzten biolentzia mota guztiak erabiltzen baitituzte, botere exekutibo, legislatibo eta judizialetatik. Hori da klase borrokaren errealitatea, sistemak estali, ezkutatu eta mozorrotu nahi duena. Eta horri “Elkarbizitza Demokratikoa” esaten diote. “Bakea”. “Berradiskidetzea”. “Demokrazia”. “Tolerantzia”. “Normalizazioa”. “Zuzenbide Estatua”. “Giza eskubideak”. “Garai eta fase berriak”. Klase borroka gogortzen eta gordintzen ari da egunetik egunera.

Estatu frantses eta espainolek beren LEGE, ORDEN ETA INDARRA inposatu nahi dizkigute, eta guk geure burua defenditu behar dugu Euskal Herriarentzako JUSTIZIA, ESKUBIDE ETA ASKATASUNAren bidez. Zapalkuntza nazional, sozial eta patriarkal honetan burgesia autonomista basko-espainolaren ezinbesteko kolaborazionismo aktiboa izan dute betidanik: EAJ-PNV alderdia, gaur egun Euskal Erkidego Autonomoan PP eta PSOErekin aliaturik, nazio eta klase jarrera argi utzi duena berriz. Eta erreformista guztien konplizitatea ere badute, beti PNV eta Geroa Bairen atzetik, eta men eginez, balizko “batasun nazionala” edo “progresista” bilatzen, eta Euskal Herri Langilea engainatzen. Hori baita oportunistei Kapitalismoak eman dien funtzioa: langileak manipulatzea, alienatzea eta desorientatzea. Horretarako daude eta horretan ari dira egunero lanean instituzio guztietan. Adibideak denon ditugu buruan.

Estatu konkistatzaileek biolentziaren monopolioa berreskuratu dute azkenean eta minuturo erabiltzen dute Euskal Herri Langilearen aurka. Apirilaren 8an Baionan egingo duten ekitaldiak are legitimoago bilakatuko du Estatu okupatzaileen bortizkeriaren monopolioa, eta ondorioz, borrokan segitzen dugun herri eta langile sektore guztion aurkako errepresioa. Ezin da bakerik izan klase borrokan murgilduta dagoen gizarte batean. Zapalkuntzek dirauten bitartean, zapalduontzat ez dago bakerik.

Aurtengo Aberri Egunean oroituko ditugu duela 80 urte nazi-faxismo espainolista nazional-katolikoak, Frankismoak, alegia, Euskal Herriaren aurka egindako gerra-krimenak, bereziki, Gernikan, Eibarren, Otxandion eta Durangon, eta PNVk Bilboren entregarekin eta Santoñako errendizioarekin egindako traizio lotsagarriak.

Gernikan erreformistek aurten egin nahi duten Aberri Egunaren leloa hauxe da: “Askatasuna eta Bakea”. Guk diogu: ASKATASUNA DA BAKEA. Zapalduon askatasun osoa, integrala, globala eta erradikala da benetako bakea. Zapalkuntza guztien suntsitzea. Hori da gure Bakea. Bestea, denetariko eta askotariko burgesiek Euskal Herri Langileari egiten dioten gerra da. Zapaltzaileen bakea zapalduontzat gerra baita.

Hau guztia ikusita, agiri hau sinatzen dugun antolakundeok deialdia egiten diogu Euskal Herri Langileari, eta bereziki Euskal Langile Klaseari, Aberri Eguna berriz ere borroka eguna izan dadin, gure ASKATASUN OSOAren alde, Euskal Herriaren DESKONKISTA OSOAren alde, AMNISTIA OSOAren alde.

Nazioaren askatasuna Independentzia den bezalaxe, langileon askatasuna Sozialismoa da; emakumeon askatasuna, eta beraz, guztiona ere, Feminismoa; euskaldunon askatasuna, Euskal Herriaren Berreuskalduntzea. Prozesu askatzaile beraren helburu osagarriak dira, zeinak sintetizatzen baitira xede honekin: EUSKAL ERREPUBLIKA SOZIALISTA, INDEPENDENTE, FEMINISTA ETA EUSKALDUNA.

Honen alde dei egiten dizuegu Durangora joateko, apirilaren 16an, igandean, eguerdiko 12etan, Andra Maria elizako arkupera. Han Herri Batzarra egingo dugu. Kolektiboki eztabaidatuko dugu gaur egungo egoeraz eta denon artean erabakiko zer egin Euskal Herri Langilearen askapen nazional eta sozialaren aldeko borroka guztiak indartzeko.

EUSKAL HERRI LANGILEAREN ASKATASUN OSOA HELBURU,

BORROKA DA BIDE BAKARRA!

Askatasunaren Bidean, EHK-Euskal Herriko Komunistak, Eusko Ekintza.