TXABI ETXEBARRIETA : HIRE BORROKA, GURE EREDU!

Aurten ere, urtero bezala, HERRITAR BATASUNAko militanteok eta gurekin batera, nahi duten abertzale, independentista eta sozialista iraultzaile guztiak Tolosako Bentaundin elkartuko gara, heldu den Asteazkena, ekainaren 7an, arratsaldeko 6etan, Txabi Etxebarrieta oroitzeko.

Deskargatu

TXABI ETXEBARRIETA :

HIRE BORROKA,

GURE EREDU!

       Aurten ere, urtero bezala, HERRITAR BATASUNAko militanteok eta gurekin batera, nahi duten abertzale, independentista eta sozialista iraultzaile guztiak Tolosako Bentaundin elkartuko gara, heldu den Asteazkena, ekainaren 7an, arratsaldeko 6etan, Txabi Etxebarrieta oroitzeko.

         Klase zapaltzaile eta zapalduen artean zatitutako sozietate batean, ez dago deus ere klase borrokaren dinamikatik kanpo. Klase gatazkak totalitate sozial osoa barnebiltzen du bere baitan. Historia eta memoria, bereziki, bere bihotzean kokatzen dira. Zapaltzaileek iraganaren interpretazio eta irakurketa propio interesatua egiten dute, orainaldian duten egoera, estatusa eta menperakuntza arrazoitu eta justifikatzen duena, eta etorkizunean birsortu zein berreraiki nahi dituzten egitura sozialak, mantendu nahi dituzten botere harremanak diseinatu eta marrazten dituena.

         Klase zapalduek, Langileriak bereziki, gauza bera egiten ez badute, zapaltzaileen hegemonia ideologikoaren mende jausiko dira, menpeko eta indarge, esplotazioaren botere harremanak irauli eta suntsitzeko inolako aukerarik gabe, alienazioaren osin beltzean amilduta, soldatapeko esklabu.

         Euskal Herria, bistan da, ez da lege honetan salbuespena, inondik inora. Mendez mende horrela gertatu izan da beti, eta Euskal Herri Langileak Historiaren alorrean galdutako bataila guztiak biziki garesti ordaindu ditu geroko borroketan. Kontakizunaren gudua giltzarria baita beti.

         ETAk bereziki eta ENAM, Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduak oro har, azken 60-70 urteotan egindako borrokarekin gauza bera gertatzen da. Estatu zapaltzaileentzat, Frantziarentzat eta Espainiarentzat, ez da aski izan ETAren derrota eta errendizioa, amore ematea eta damutzea, Euskal Herri Langilearen borroka iraultzaile guztien erabateko deslegitimazioa eta kriminalizazioa nahi dute, Euskal Iraultza Sozialistaren oroitzapen ñimiñoena ere behin betikotz desagertarazteko, itxaropen guztiak suntsitzeko, askatasun nahiak errotik erauzteko, amets askatzaileak lurperatzeko.

         Gaur bertan, Gasteizen, terrorismo espainolistaren buru politiko-militarra den Felipe Borboikoak Zapaltzaileen Biktimismoaren Memoriala inauguratu du, PNVko bere morroi eta subdito vasco-espainolen ezinbesteko laguntzarekin. Logikoa eta koherentea da Estatu Espainolak, Euskal Herriaren borrero nagusiak, biktimismo sistematikoa landu eta elikatzea, zeren horrela berak duen biolentzia legitimoaren monopolioa indartzen baitu. Biktimismo sistematiko honek elikatu du gaur egun arlo guztietan indartzen ari den Faxismoa. Oroitzen al gara nor izan zen VOXen sortzaileetako bat? Nork eman dio legitimitate ukiezina, heroikoa, inkuestionablea, Faxismo neofrankistarik gordinenari? Argi esan dezagun, behingoz : ustezko “biktima” gehienak estatuaren morroiak eta mertzenarioak ziren, eta “faxiktima” izena ongi merezia dute.

         Sionistak Palestinan biktimak dira? Yankiak Vietnamen biktimak ziren? Napoleonen soldadu eta funtzionario frantsesak biktimak izan ziren Madrilen 1808an? Naziak biktimak izan ziren Stalingraden eta Europa osoan? Militar ingelesak biktimak dira Irlandan? Militar marrokiarrak biktimak dira Mendebaldeko Saharan? Noizdanik dira biktimak zapaltzaileak, kolonoak, konkistatzaileak eta beren familiak? Euskaldunok noizbait horrelako errotarria irentsiko ote dugu?

         Baina biktimismo profesionalaren maskarada honetan bada beste aktore tristea: sozialdemokrazia autonomista. Kexatzen dira, espantu handiz, “estatuaren biktimak baztertu direla” eta “bizikidetzaren aurkako erasotzat” jotzen dute Gasteizen gaur egin den terrorismo espainolistaren apologia gordina. Patetikoa litzateke, okaztagarria ez balitz. Hasteko, euskal gudariak eta borrokalari iraultzaileak ez baitira biktimak, baizik eta Euskal Herri Langilearen askatasunaren alde dena eman zuten militanteak. Eta bigarrenik, delako “bizikidetza” hori, klase, nazio eta gainontzeko borroka guztiak indargabetu eta ezabatzeko asmatu den kontzeptu ideologiko pozoitsua delako. Normala da EHBilduren inguruan aritzen den sozialdemokrazia autonomistak horrelako leloak erabiltzea azken finean, Sistema zapaltzailearen ezkerreko hegala besterik ez baita, PSOE-GALen Gobernuaren morroia. Beren lagunak diren ERC eta BNG bezalaxe...

         Estatu zapaltzaileen biktimismoaren aurka, erreformisten eta oportunisten “Memoria Osoa”ren kontra, guk MEMORIA IRAULTZAILEA aldarrikatzen dugu. Hau da, iraganeko borroken legitimitatearen defentsa, gaurko eta biharko borroken alde. Ildo honetan Txabi Etxebarrietaren oroitzapena bizirik atxiki nahi dugu, 23 urteko gudari iraultzailea, intelektual eta Euskal Iraultzaren estratega haundia, armak eskutan erori zen lehen ETAko militantea.

         Txabi Etxebarrieta nor zen jakin nahi duenak baditu bere idazkiak eskura. Euskal iraultzaile guztiok irakurri eta estudiatu behar ditugu. HERRITAR BATASUNAk argiro dio gure borroka Txabi, Eustakio Mendizabal, Argala eta gainontzeko gudari iraultzaile guztien bidean kokatzen dela, Euskal Iraultza Sozialistaren ildoan. Txabi Etxebarrietaren ideal eta helburu berberak ditugu guk ere, ETAren V. Biltzarrarenak, hain zuzen ere, eta geroago, 1973an Hazparnen egin zen VI. Biltzarrarenak ere. Euskal Herri Langilearen INDEPENDENTZIA, SOZIALISMOA, BERREUSKALDUNTZEA eta BIRBATASUN NAZIONALA lortu arte ez dugu amore emanen.

         Amaitzeko, hemen ditugu Txabi Etxebarrietaren hitzak: “Gure Euskal Herrian, batez ere, bi erreformismo mota agertzen zaizkigu: nazionala eta soziala. Bata eta bestea erreakzionario eta euskaldunon etsai ikusten ditugu. Erreformista batzuek erreforma sozialen bitartez Sozialismoa ezar daitekeela pentsatzen dute. Ez dira konturatzen jabego pribatuaren gain egiten diren erreforma guztiek ez dutela zalantzan jartzen jabego pribatua bera bere funtsean. Horrela ekoizpen modu kapitalista finkatu baizik ez da egiten. Eta denok dakigu gizon-emakumeok ez garela abstrakzioan desarroilatzen, Herri baten parte edo zati gisa baizik. Herri honek badu bere kultura, bere hizkuntza, bere kondizio bereziak. Kondizio horiek eragiten dute Herri baten bilakaera desberdina izatea. Euskal Herrian erreformismo ekonomizista honek erreformismo nazionala ekartzen du, eta agerian dago praktikan etsaia dela, Espainia eta Frantzia estatuen Inperialismoaren alde jokatzen baitu. Era berean erreformista nazionalek pentsatzen dute aski direla halako adabaki batzuk independentzia politikoa lortzeko. Alde batetik zapaltzaileen indarra ikusten dute eta bestaldetik ez dute konfidantzarik Herriaren indarretan. Orduan estatu zapaltzailearen egituren barnean lan egitea beste biderik ez dute ikusten. Honela, erreformista horiek estatu zapaltzailearen barrenean nazionalki zapaldurik dagoen Herri baten askatasuna lor daitekeela uste dute. Eta, nola ez! Aurkitu dute biderik “seguruena”: estatutismoa. Honen berehalako ondorioa legalismoan hezurretaraimo sartzea da. Beraz, ikusten dugu nola erreformismo nazionalak berarekin ekartzen duen erreformismo soziala baita alderantziz ere. Eta egiazki horrela behar du, zeren ez baitaude bi arazo diferente, arazo bakarra baizik. Euskadi bat da, sufritzen duen eta esplotatua den Herria bat baita.” Gaur bertan idatzitako hitzak direla ematen du, bainan 23 urte besterik ez zuen militante gazte batek izkiriatu zituen 1968an.   

 

         Honekin guztiarekin ados bazaude, etor zaitez datorren Asteazkenean, ekainaren 7an, arratsaldeko 6etan, Tolosako Bentaundira. Hantxe izanen gara, Txabi Etxebarrietaren borroka bizirik dagoela adierazteko, Txabi Etxebarrieta gure artean eta gure ekintzetan bizi dela esateko.

Herritar Batasuna

GORA EUSKAL IRAULTZA SOZIALISTA!

Deskargatu