Orreagako Garaipenaren Eguna. Balorazioa

Joan den abuztuaren 15ean Herritar Batasunak ekitaldi xume eta propioa egin zuen Ibañetako lepoan, hainbat herri elkartek (bereziki Orreaga Fundazioa) urtero bertan mantendu dituzten ekitaldien baitan. Aldi berean Herritar Batasunaren kideok parte hartu genuen elkarte hauek antolatutako mendi martxan eta ekitaldi ezberdinetan.

Herritar Batasunaren erabakiak ekitaldi publikoen eta mobilizazioen lerro bat irekitzeko gure proiektu politikoa ikusgarria bilakatzen du. Gure apaltasunean, baina hasiera hasieratik borroka eta mobilizazio militantea kalera, plazara eta kasu honetan gure landa eta mendietara ere eramateko konpromisoarekin. Gurea kalean ikusiko den eta mugituko den askatasun nazional eta sozialetarako mugimendua izango da. Eta oraindik gure tamaina txikia bada ere, oso kontzienteak gara oinarri sendoak jartzeko unea orain dugula. Hastapenetan. Gurea ez da soilik hauteskunde, sare sozial, hedabide zein erakundetan biziko den indar politiko klasikoa.

Orreagako ekitaldiari dagokionez, Orreagako batailaren eta garaipenaren egunak gure Nafar Estatuaren egun nazional nagusiaren pisua beharko luke izan, baina abertzaletasun aranistaren tradizioaren ondorioz, eta ezker abertzale beraren ikuspegi politiko eta historiko murritzaren ondorioz, gaur egun soilik hainbat herri elkartearen bultzatuaz mantentzen da bizirik. Zoritxarrez aurten talde ezberdinek bultzaturiko bi ospakizun ezberdin ikusi ditugu Orreagako egunean. Orreagan bertan bat eta Pasai Donibanen bestea. Bitartean Independentistak sareak bere ekitaldi propio burutu zuen Gernikan, independentziaren alde, Orreagako independentzia egunari inolako aipamenik egin gabe. Beste hainbat urtetan, Orreagako garaipena gogoratzeko, Euskal Herriko Iparraldeko zenbait herrietan ospatzen ziren ekitaldien berri ez dugu berririk izan.    

Gure ikuspegitik, beharrezkoa ikusten dugu hurrengo urteei begira, Orreagako Eguna, finean, gure nafar eta euskal herritar independentziaren eguna, indartzea eta dagokion maila ematea. Horretarako, gure aburuz,  Orreagako Egunak talde politiko, sozial eta herri mugimendu zein mugimendu sozial eta kulturalen arteko elkarlan minimo bat beharko luke izan.

Kataluniaz hainbeste hitz egiten dugun honetan, proposapen taxuzko bat Diadaren egunean  Kataluniako hainbat talde ezberdinek ospatzen duten Fossar de les Moreresko ekitaldia izan daiteke.

Ekitaldi honetan talde ezberdinek gunea elkarrekin partekatzen dute, baina bakoitzak bere ekitaldi propioa mantentzen du aldi berean.

Ideia hau abiapuntua izan daiteke hurrengo Orreagako Garaipenaren Eguna indartzen joateko eta gure egun nazional nagusia bilakatzen hasteko.

Eusko Ekintza

MAS LEIDOS

ULTIMOS ARTICULOS. Iritziak