EZKABAKO IHESAREN BIRIBILGUNETIK: ERASO FAXISTA

Deskargatu

EZKABAKO IHESAREN BIRIBILGUNETIK

 

ERASO FAXISTA

 

         Faxismoa planeta osoan gorantz doala kontu jakina da. Hamaika adibide daude begien bistan nonahi. Azkena, eta espektakularrena, Estatu Batuetako Kapitolioan ikusi berri duguna.

        1934an Adolf Hitlerren nazional-sozialistek Alemaniako Reichstag erre egin zuten, eta errua komunistei egotzi. 1922an Benito Mussoliniren “alkandora beltzek” Erromarako Martxa antolatu zuten, eta boterea hartu, Italiako erregearen laguntzaz eta onespenaz.

        2021ean, Donald Trumpen supremazistak Washingtona joan dira eta Kapitolioa hartzen saiatu. Nihil novum sub sole. Kapitalismoa krisian sartzen den bakoitzean, burgesiaren frakzio batzuk mugimendu faxistak erabiltzen dituzte beren boterea estabilizatzeko.

        Berriozar ez da salbuespena. Ezkabako ihesaren biribilgunean Independentzia, Sozialismo eta Amnistia Osoaren alde egunero biltzen hasi ginenetik intimidazio etengabeak pairatu izan ditugu, Goardia Zibilaren partetik, bereziki: beren presentzia poliziala etengabea errotondako inguruetan, ibilgailu ofizialetan eta kotxe banalizatuetan, guri argazkiak eginez eta grabatuz, eta behin, manu militari identifikatu gintuzten eliteko unitatea omen den GAR taldeko gorilek, armak eskutan (haiek) eta paretaren kontra (gu).

        Atzo beste urrats bat egin zuten faxistek. Oraingo honetan, zibilez jantzitako hiru gaztek, 4x4 ibilgailu handikote batean, gelditu eta leihotik irainak eta mehatxuak egin zizkioten gure kide bati.

        Intzidentea ez zen oso ikusgarria, zeren biribilguneko beste aldean zegoen kidea ez baitzen ohartu ere egin. Dena hamar segundoko tarte batean gertatu, eta automobila ziztu bizian joan zen, Aitzoain aldera. Kasualitatea ote? Hortxe dago Espaniako Erresumaren Armadak duen kaxerna. Kuartel horretan militar gazte franko badira. Txiripa, nonbait... Okupazio indarrak beti tartean...

         Anekdota hutsa izaten ahal da, ala eraso gogorrago baten lehen abisua. Egunero-egunero Independentzia, Sozialismo eta Amnistia Osoaren alde kalean, jendaurrean agertzea ez da jende askoren gustokoa. Eta faxistei ez die bat ere graziarik egiten.

        Beste arrazoi bat elkartzen segitzeko. Borrokan jarraitzeko. Aurrera jotzeko.

 

Daniel Elorza Ormaetxea

Deskargatu

MAS LEIDOS

ULTIMOS ARTICULOS. Iritziak