BORROKA DA BIDE BAKARRA

BORROKA DA BIDE BAKARRA

FARC-EPko burkideok:

Arreta eta interes handiz ikusi eta irakurri dugu zuen agiria: “Mientras haya voluntad de lucha, habrá esperanza de vencer”. Euskal Herriko komunista iraultzaile eta internazionalista proletario euskaldunak garen heinean, pentsatu dugu geure obligazio eta betebehar militantea zela honako hausnarketa hauek zuei helaraztea, geure borroka esperientzia eta eskarmentutik eginak, zuekin elkartasunez eta adiskidetasunez

Zuen erabakia, hau da, Kolonbiako baketze prozesu inperialista eta kontraintsurgente tranpatia bertan behera uztea eta borroka armatu politiko-militarrera itzultzeko inteligentzia estrategikoa izatea adore emailea izan da munduko iraultzaile guztiontzat. Zeren eta Kolonbiako prozesua pazifikazio, errendizio, amore emate eta tranpa genozida ikaragarria izan baita, eta ehunka lagun hil dira horren ondorioz. Bazen garaia armetara itzultzeko, armak entregatu ez zituzten militanteekin bat egiteko, baketze prozesu ustela onartu ez zuten FARC-EPko gainontzeko kideak eta ELNko gerrillariak. Zuen arteko koordinazioa pozgarria izanen da gu guztiontzat.

Zuen erabakiarekin bat egiten dugu: borroka egiteko borondatea den bitartean, garaitzeko itxaropena izango da. Euskal Herrian zuena bezalako baketze prozesu kontraintsurgente inperialista nozitu dugu, eta emaitza ezin okerragoa izan da: ENAM, Euskal Nazio Askapen Mugimenduaren erabateko hondamendia, ETAren desagertzea eta Euskal Herri Langilearen armak etsai frantses zein espainolei musu-truk oparitzea. Esperientzia garratz eta mingarri honetatik idazten dizuegu, burkideok. Hamar urte eman dugu jadanik naufragio ikaragarri honen ondorioei aurre egiten, eta egindako oker, akats eta hanka sartzeetatik ikasiz, autokritika zorrozki eginez, Euskal Nazio Askapen Mugimendu Sozialista Iraultzailea berriro ere eraikitzen ari gara Euskal Herriko independentista eta sozialista iraultzaileok. neke eta zailtasun handien erdian aurrera goaz emeki emeki.

Kolonbian bezala, Euskal Herrian ere negoziazioaren estrategia aplikatu zen 80 hamarkadatik aurrera, eta zuek bezala, gu ere murgildu izan gara behin eta berriz baketze prozesu inperialista tranpatietan: Aljeria, 1986-1989; Lizarra-Garazi, 1998-1999; Suitza-Loiola, 2006-2007; eta azkena, 2010-2017. Esperientzia honetatik ikasitakoa zuekin partekatu nahi dugu, elkarrekin Iraultza Sozialistaren bidean denok batera aurrera jotzeko.

Urte hauetan ikasi dugu autokritika erradikal eta gupidagabea egin gabe, behin eta berriz akats berberak errepikatzen ditugula, hala Kolonbian nola Euskal Herrian ere. Negoziazio estrategia bera oker dago, burkideok! Urteetako praktikak erakutsi digu hori, ez bakarrik Kolonbian eta Euskal Herrian, baizik eta El Salvadorren, Guatemalan, Irlandan, Hegoafrikan eta beste hamaika tokitan. Inperialismoak negoziazio prozesuak erabili izan ditu mundu osoan intsurgentzia suntsitzeko.Teoria Iraultzaileak esaten digun bezala, burgesiek eta oligarkiek ez dute boterea uzten beren borondatez, eta ez dute beren klase diktadura abandonatzen elkarrizketa politikoen bidez. Botere politiko eta ekonomiko hartu gabe, mugimendu iraultzaileok derrotara eta desagertzera kondenatuta gaude. Ez dago erdibiderik: Burgesiaren Boterea ala Herri Langilearena. Sozialismoa ala basakeria!

Ildo berean, pentsatzen dugu Londoño traidoreak lideratzen omen duen arrosaren alderdi sozialdemokrata, erreformista, elektoralista, posibilista, oportunista eta likidazionistaren kritika sistematikoa egin behar dela, Kolonbiako Herri Langileak jakin dezan argi eta garbi nolako kolaborazio maila duten gaur egun narko oligarkia yanki-sionista-santanderinoarekin. Zeren burgesia horrek ez baitu kolonbiar izena inolaz ere merezi, beren lurraldea Inperialismoari oparitu baitiote, USAren 9 base baitaude Kolonbian, eta OTAN-NATOrekin elkarlanean ari baitira, Ameriketako herrialde antinperialistak (Venezuela, Bolivia, Kuba...) erasotzeko.

Burkideok, zuek oso ongi esaten duzuen bezala, Kolonbiako historian egindako negoziazio eta hitzarmen guztiak traizioan eta infamian amaitu dira. Oraingoa ere bai. Esperientzia horretatik ondorioak atera behar dira, oso mingarriak badira ere: estatu burgesekin ez dago deus ere negoziatzeko. Iraultzaren garaipena da irtenbide bakarra. Garaitu ala hil.

Horregatik, harriduraz entzun eta irakurri ditugu zuen agirian agertzen diren hitz eta esamolde batzuk, estrategia iraultzaile batekin nekez uztartzen direnak: “diálogo con empresarios, ganaderos, comerciantes y la gente pudiente del país”, “nuestro objetivo estratégico es la paz de Colombia con justicia social, democracia, soberanía y decoro”, “Un nuevo diálogo que corrija y encadene la perfidia y la mala fe, que involucre a las fuerzas guerrilleras y a todos los actores armados para que podamos fundar una paz definitiva, estable y duradera, sellada con el compromiso colectivo del Nunca Más. Un nuevo Acuerdo de Paz sin más asesinatos de líderes sociales y de ex combatientes guerrilleros, en el que las armas sean verdaderamente retiradas de la política y colocadas lejos de su uso, no entregadas”, “El Estado ha sido secuestrado por los forajidos y la mafia de la corrupción y la impunidad. Rescatarlo y liberarlo, está en manos de la movilización de las conciencias, de la nación en masa, del pueblo unido.”, “democratización en profundidad del Estado”...

Burkideok! Zuengan konfiantza iraultzailea dugu, Internazionalismo Proletarioan oinarritua. Badakigu zuzentze estrategikoak ez direla egun batetik bestera egiten. Baina gure obligazio eta betebehar iraultzaile eta militantea da gure kezka sakona agertzea zuen aurrean. Teoria Iraultzaile Sozialista/Komunista Zientifikoaren oinarriek, behin eta berriz mundu mailako klase borroketan egiaztatu izan direnek, gure iparrorratza izan behar dute. Ezin dira inolaz ere baztertu, ahaztu edota abandonatu. Batez ere estatu burgesaren izaeraren ezaugarritzea eta horren inguruan dagoen azterketa zientifiko guztia. Gure begi niniak dira!

Berriz ere esango dizuegu, burkideok: zuen erabakia txalotu eta babestu egiten dugu, Euskal Herrian zoritxarrez egin ez dena egiteko ausardia, adorea eta erabakimena izan baituzue. Mugarri bat ezarri duzue munduko mugimendu iraultzaile askorentzat, erakutsiz eta frogatuz baketze prozesu inperialista genozida tranpatietatik ateratzen ahal dela Herri Langilearen askapen eta emantzipazioaren kausa traizionatu gabe, borrokaren bidera itzuliz modu kontsekuentean, autokritika eginez eta zintzoki jokatuz. Zuen meritua da hori, lagunok. Inperialismoak eta oligarkia yanki-sionista-santanderinoak ez dizuete barkatuko. Baina munduko iraultzaile guztiok biziki eskertzen dizuegu bihotz bihotzez esperantzaren sua ez amatatzea.

Zareten tokian zaretela, Euskal Herritik bidaltzen dizuegu besarkada iraultzaile bana. Euskal Iraultza Sozialistaren trintxera honetatik geure goraintzirik beroenak eta elkartasunik sutsuena. Txabi Etxebarrieta, Eustakio Mendizabal eta Argala gogoan, borrokan hildako euskal gudari iraultzaile guztiak bihotzean, Jacobo Arenas, Manuel Marulanda, Alfonso Cano eta Raul Reyes gogoan, borrokan hildako FARC-EP, ELN eta gainontzeko antolakunde iraultzaile kolonbiar guztietako gerrillari iraultzaileak bihotzean, hauxe esaten dizuegu:

 

GORA KOLONBIA INDEPENDENTE ETA SOZIALISTA!

GORA EUSKAL HERRIA INDEPENDENTE ETA SOZIALISTA!

JOTAKE IRABAZI ARTE!

 

¡MIENTRAS HAYA VOLUNTAD DE LUCHA,

HABRÁ ESPERANZA DE VENCER!

¡LA LUCHA SIGUE!

¡CON BOLÍVAR, CON MANUEL,

CON EL PUEBLO AL PODER!

 

Jon Iurrebaso Atutxa. Fermin Xabier Santxez Agurruza (2019.08.31)

GEHIEN IRAKURRI