ABERRI EGUNA 2021

Guk, Euskal Nazioaren paradigma zahar-berria gure eginik, NAFARROA esaten diogu geure nazio politikoari, mende luzez independente izan zen eta noizbait berriz ere burujabe izanen den estatuari, eta EUSKAL HERRIA geure nazio kultural eta linguistikoari. Guretzat ez dago kontraesanik, ezta oposiziorik ere, Euskal Nazioaren bi izen horien artean. Elkarren osagarri dira.

Deskargatu

ABERRI EGUNA  2021

INDEPENDENTZIA, SOZIALISMOAZ!

       

        Aurtengo Aberri Egunean inoiz baino argiago dago Euskal Herria militarki okupatua eta zatituta dagoen nazio bat dela. Euskal herritarrak hiru puskatan hautsi gaituzte Euskal Herri Langilea zapaltzen duten bi estatu burges inperialistek, Frantziak eta Espainiak, beren morroi kolaborazionisten laguntzaz: burgesia vasco-espainolaren PNV kristau demokratak eta euskal burgesia txikiaren EHBildu sozialdemokratak. Pandemiaren aitzakiaz euskal herrialdeen arteko loturak moztu dituzte militarki, antolakunde nazional abertzale eta iraultzaileen funtzionamendua oztopatuz eta zailduz, eta oro har euskal herritarren arteko harremanak larriki kaltetuz.

        “Euskal Autonomia Erkidegoa”, “Nafarroako Foru Komunitatea” eta “Euskal Hirigune Elkargoa” dira okupatzaileek asmatu dituzten izenak haiek armez, suz eta garrez konkistatu, okupatu, kolonizatu eta menperatutako Euskal Herriaren hiru zatiak izendatzeko. Guk, Euskal Nazioaren paradigma zahar-berria gure eginik, NAFARROA esaten diogu geure nazio politikoari, mende luzez independente izan zen eta noizbait berriz ere burujabe izanen den estatuari, eta EUSKAL HERRIA geure nazio kultural eta linguistikoari. Guretzat ez dago kontraesanik, ezta oposiziorik ere, Euskal Nazioaren bi izen horien artean. Elkarren osagarri dira.

        Gauza bera gertatzen da Independentzia eta Sozialismoarekin. Euskal Nazioaren askatasuna Independentzia da. Euskal Herri Langilearen askatasunaren aldeko lehen urratsa, Sozialismoa. Biak lotuta daude gure askapen nazional eta sozialaren prozesu iraultzailean. Horregatik aukeratu dugu aurtengo leloa: INDEPENDENTZIA, SOZIALISMOAZ!

         Euskal Langileriaren klase independentzia eraikiz eta indartuz lortuko dugu burgesiaren diktadura eta tirania haustea. Euskal langileon egoera latza ikusita, Sozialismoa bizirik irauteko formula bakarra dugu. Hona hemen panorama: eguneroko esplotazioa fabriketan, lantegi askoren itxiera, prekaritatea, miseriazko soldatak, langabezia, EREak, polizia burgesen errepresioa borrokan diren langileen aurka, eskirolei ematen zaien babesa, murrizketak osasungintzan eta irakaskuntzan, pandemiaren aitzakiaz de facto ezarri den salbuespen egoera, lan istripuak... Euskal langileok nahi dugun Independentzia, Euskal Herrian Sozialismoa eraikitzeko da. Ez dugu inolaz ere Independentzia munduko beste langileegandik isolatzeko, baizik eta libre eta burujabe elkartzeko.

         Bihotz oneko abertzale zintzo orok errealitatea buruz buru ikusi behar du: Euskal Herriko burgesiaren frakzio eta joera guzti-guztiek uko egin diote Aberriaren Independentziaren aldeko borroka egiteari, eta bi estatu konkistatzaile, okupatzaile, kolonizatzaile eta inperialisten sistema politikoan bete-betean integratu dira, autonomismoa de facto onartuz. Euskal Herrian diren burgesiaren frakzio espainolistak eta xobinista frantximantak alde batera utzita, haiek etsaiekin erabat identifikatzen direlako, azter ditzagun “abertzale” autoizendatzen diren burgesiaren bi frakzio hemengoak: PNVren baitan artikulatzen den burgesia vasco-espainola eta basque-frantsesa, eta euskal burgesia txikiaren zein langile aristokraziaren tresna politikoa den EHBildu koalizioa.

          PNVren kasua argi eta garbi dago egia benetan maite duen edozein abertzalerendako. PNV aspaldian integratu da erabat sistema politiko autonomiko espainolean, noizbait kanpoan izan balitz. Sistema autonomiko frantsesean ez da oraindik integratu, existitzen ez delako, ez gogo faltarengatik. “Euskal Hirigune Elkargoa” ez da iristen ezta autonomia murritz, elbarri eta tristea izatera ere, eta bitartean Frantziaren etnozidioa aurrera doa. PNV da, bereziki Hego Euskal Herrian, eta nagusiki Nafarroako Mendebaldeko hiru herrialdeetan, Espainiako Erresumak duen kolaborazionistarik eraginkorren eta fidelena. Ez da inoiz independentista izan, eta izatekotan noizbait, bere boteretxo burgesa atxikitzeko izanen da, eta euskal langileen aurka gogor jotzeko.

           EHBilduren kasuan, Espainiako Monarkiaren sistema politikoan integratu da askozaz ere geroago, Euskal Nazio Askapen Mugimenduaren likidazioaren ondorioz. Beraz, “erretolika  abertzalea” erabiltzen du oraindik Euskal Herri Langilearen sektore patriotikoak engainatu eta kontrolpean atxikitzeko, garai batean Ezker Abertzalearen baitan aritu zirenak. Bainan aski da ikustea azken hilabeteotan EHBilduk egin eta esan duena (Espainiako aurrekontuak onartu, zipaioak babestu eta txalotu, Pasaiako Badiako omenaldian gertatutakoa, eta beste hamaika kontu...) konturatzeko koalizioa ezkerreko PNV bat bilakatu dela. EUSKO ALKARTASUNA berpizturik.

        Honen aurrean, zer egin? Euskal Nazio Askapen Mugimenduaren traizio, derrota, damutze eta likidaziotik gatoz. 60 urteko borroka pikutara bidalia. Honek sakonki traumatu ditu Euskal Herri Langilearen sektore asko. Zauriak sendatzea eta itxaropena zein borrokarako gogoa berreskuratzea prozesu luzea izanen da. Horregatik eta horretarako sortu zen HERRITAR BATASUNA. Aurreko zikloaren alde on guztiak bizirik mantzentzeko eta hurrengoa prestatzeko. Borrokan segitzeko.

        Honaino iritsita, hobeki ulertzen da aurtengo Aberri Egunaren leloa. Urteak daramatzagu esaten klase borroka nazio askapenaren motorra dela. XXI. mendeko Europa kapitalista eta inperialista honetan nazio zapalduetako burgesiek ezinezko dute independentzia lortzea, nahi izanen balute ere. Eta ez dute nahi, zeren eta nazio zapaldu baten independentzia eskuratzeak enfrentamendu sozial eta konfrontazio politiko gogorrak eskatzen baititu. Bide horretan, klase borroka areagotu egiten da, sistema kapitalista osoaren aurkako matxinada bilakatuz. Catalunya da, onerako eta txarrerako, esaten dugunaren adibide paradigmatikoa. Eta Euskal Herria ere bai. Iraultza Sozialistaren estrategia abandonatzen denean, Independentzia ere baztertu egiten da. Beti.

         Catalunyan eta Euskal Herrian azken hamarkadetan ikusten ari garenez, nazio zapalduetako burgesiak, edo guztiz autonomistak eta kolaborazionistak dira, PNV bezala, edo Independentzia lortzeak eskatzen duen borroka mailaren aurrean izutu egiten dira eta atzera jotzen dute, JxC , ERC  bezala. Ez dira gai prozesu independentista bururaino eramateko. Langileon Iraultza Sozialistaren beldur dira, hain zuzen ere. Nahiago dute Aberria zapalduta, Sozialista izan dadin baino. Burgesak...

         Nazio zapalduetako burgesia txikiek, aldiz, Herri Langileak manipulatu nahi dituzte, balizko estatu independente “duin”, “progresista”, “ongizatezko” baten alde denok batera elkarrekin borroka gaitezen, haiek izanik beti ere prozesuaren gidari eta zuzendari. Bainan ez, inolaz ere, Iraultza Sozialistaren alde borrokatzeko, eta are gutxiago klase, estatu eta patriarkaturik gabeko sozietate libre baten bidean urrats iraultzaileak egiteko. Erabat logikoa, bestalde, zeren klase sozial bakoitzak bere interesen arabera jokatzeko joera baitu, kontziente edo inkontzienteki. Eta burgesia txikia Langileria eta Burgesiaren artean kokatzen da beti, balizko erdibide erreformista sozialdemokratan. Nahiz eta langileak engainatzeko mila mozorroz jantzi eta beren benetako asmoak ezkutatu. Horiek ditugu, argi eta garbi, EHBildu eta CUP. Politikillo burges txikiak.

         Beraz, benetako Independentzia Nazionala, Iraultza Sozialista baten bidez bakarrik lortu ahal da. Kuba eta Vietnam izan ziren ekuazio politiko estrategiko honen adibiderik argien eta borobilenak XX. mendean. Horregatik aldarrikatzen dugu guk XXI. mendeko hasiera honetan: INDEPENDENTZIA, SOZIALISMOAZ! Berreuskalduntzea eta Birbatasun Nazionala ere, bide beretik lortuko ditugu. Proletalgoak bakarrik eraman ahal ditu bururaino Euskal Iraultzaren eginkizun nazionalak, Sozialismoaren aldeko estrategia iraultzaile eta internazionalista baten baitan. Hor kokatzen dugu, jakina AMNISTIA OSOAren lorpena. SOZIALISMOAren garaipenean.

         Programa honen alde antolatzera eta borrokatzera deitzen zaituztegu. Gurekin batera aritu nahi baduzu, etorri apirilaren 4an, goizeko 9,30etan, Lezamako plazara, mendi ibilaldi bat egitera, eta eguerdiko ordubatean , toki berera, Aberri Eguna elkarrekin ospatzera.

 

INDEPENDENTZIA, SOZIALISMOAZ!

Herritar Batasuna

Deskargatu