IRAULTZA ALA EXTINTZIOA!

Duela 104 urte, 1917ko urriaren 26an, orduko egutegiaren arabera, XX. mendeko lehen Iraultza Sozialistak boterea eskuratu zuen Errusiako Inperioan. Erabat ezinezkoa omen zena lortu egin zuten langileek eta nekazariek osatutako sobietek, Alderdi Boltxebikearen gidaritzapean.

Deskargatu

IRAULTZA  ALA EXTINTZIOA!

        Duela 104 urte, 1917ko urriaren 26an, orduko egutegiaren arabera, XX. mendeko lehen Iraultza Sozialistak boterea eskuratu zuen Errusiako Inperioan. Erabat ezinezkoa omen zena lortu egin zuten langileek eta nekazariek osatutako sobietek, Alderdi Boltxebikearen gidaritzapean.

        Mundu osoko burgesiak ikaratu eta izutu egin ziren, Komunismoaren espektroa berriro ere ikusi baitzuten, 1848ko otsailean Europa osoan, eta 1871ko martxoan Parisko Commune-n bezala. Berehala hasi ziren Iraultza Proletarioa erasotzen eskura zituztèn baliabide guztiez, XX. mendean zehar mundu osoan milioika hildako eraginez, harik eta 1991an Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna desegin zen arte. Urte horietan ere Txinan merkatuaren aldeko indarrak nagusitu ziren.

        Hau guztia hondamendi humano, ekonomiko eta geopolitiko ikaragarria izan zen, zeinak mundu osoko Langileriari izugarrizko atzerapausoa ekarri baitzion, Kapitalismoa alternatiba bakar gisa gelditu zelakotz. Barneko indar kontrairaultzaileak Inperialismoaren etengabeko erasoekin batera aritu ziren Kapitalismoa berriz ezartzeko, edota planifikazio sozialista sakonki ahultzeko. 

        XX.mendeko Iraultza Sozialisten bilan orokorra oraindik egin gabe dugu, bainan ez dago inolako zalantzarik Kapitalismoaren amaieraren hasiera abiatu zutela. Ziklo historiko berria.

        Geroztik, oligarkia inperialistaren obsesioa izan da langileoi sinestaraztea Iraultza Sozialista egitea erabat ezinezkoa dela, eta irabaziz geroz, beti katastroferik handienean amaitzen dela.

        Alta, katastroferik handiena Kapitalismoaren fase terminala izaten ari da, zeinak Humanitatea mundu honetatik desagertzera eramanen duen, lehenago Iraultza Sozialistaren bidea hartzen ez badugu. Krisi ekonomiko iraunkor eta larriaz gain, aldaketa klimatikoak eta baliabide naturalen urritzeak ez garamatza basakeriara bakarrik, edota kolapsora, baizik eta espezie humanoaren extintziorat. Esperantza bakarra dugu: Iraultza Sozialista egitea mundu osoan.

        Euskal Herri Langilearen kasuan, mehatxua hagitzez larriagoa da, gure aurkako etnozidioa biziki aurreraturik baitago. Euskararen desagertzea euskaldunon amaiera izanen da, Euskal Herriaren heriotza. Gure hizkuntza nazionalik gabe, Herri Euskaldunik gabe, Euskal Herria esaten diogun lurraldea Espainia iparraldeko eta Frantzia hegoaldeko zati bat besterik ez baita izanen.

        Euskal Herrian, Kapitalismoa ez da bakarrik klase zapalkuntza ekonomikoa, baizik eta ukazio nazional eta linguistikoa ere. Horregatik agertzen da Euskal Iraultza Sozialistaren lau helburuen artean Berreuskalduntzea, Euskararik gabe ez baitago Euskal Herririk. Gu bezala, ehunka Nazio eta Herri daude munduan egoera berean, desagertzeko arriskuan. Ez gara salbuespena...

        XXI. mendearen hasiera honetan, inoiz baino ezinbestekoagoa da 1917ko urriko Iraultza Sozialistaz oroitzea. Bainan ez nostalgiaz, erabakimenaz baizik. XX. mendeko Iraultza Sozialista guztiak sakonki eta xeheki aztertu behar ditugu, ikasi ahal izateko. Guk hobeki egiteko.

        HERRITAR BATASUNAk azpimarratu nahi ditu hala Parisko Communek nola 1917ko Iraultzak dituen ezaugarri komunak, zeinek gure baitan dauden korronte iraultzaile guztiak bateratzen baitituzte: Proletalgoaren independentzia politiko eta organizatiboa; langile batzarretan oinarritutako boterea; Estatu Sozialistaren ezaugarri asanbleario, antiburokratiko eta igualitaristak;  klaserik, estaturik eta patriarkaturik gabeko sozietate autogestionatuaren helburu estrategikoa,  non ekoizleak libreki asoziatuko baitira aberastasun soziala kolektiboki produzitu eta banatzeko; etab...

        Duela hamar urte, xarlatan eta demagogo profesional batek, eta bera bezalako politikillo ustelen koadrillak, Euskal Herri Langilearen zati handi bat engainatu eta manipulatu zuten, sinestaraziz amore emanez, belaunikatuz, damutuz, errendituz eta sisteman integratuz gure arazo guztiak aise konponduko zirela. Garai Berriak omen ziren. Ikusi dugu zertan gelditu diren.

        HERRITAR BATASUNAk ez du inoiz Euskal Herri Langilea engainatuko. Borroka da bide bakarra, Iraultza da bide bakarra. Iraultza Sozialista. Sozialismoaz erdietsiko dugu Independentzia, eta ez alderantziz. Eta 1917ko Iraultzak erakutsi eta irakatsi bezala, bide hori ez da inoiz erraza izan, ezta izanen ere. Hori denok argi izan behar dugu, eta ez sinetsi politikero eta gezurtero profesionalei. Langileok bakarrik konpontzen ahal ditugu geure arazoak, kolektiboki.

        Euskal Herrian Iraultza Sozialista egiteko antolatu behar dugu, nork bere aukerako antolakundean. Etorkizunean eraikiko dugun Euskal Nazio Askapenerako Mugimendu Sozialista Iraultzailearen destakamendu txiki bat, besterik ez da HERRITAR BATASUNA. Geure xumean eta ttikian, betiko helburuen alde borrokatzen gara: Independentzia, Sozialismoa, Berreuskalduntzea eta Birbatasun Nazionala. Eta bide horretan ez dugu inoiz amore emanen. Bururaino joanen gara.

        Ados bazaude, zatoz zu ere gurekin batera helburu hauen alde borrokatzera. Jarri gurekin harremanetan, antola zaitez HERRITAR BATASUNAn. Bestelako ikuspegia baldin baduzu, organiza zaitez beste antolakunde iraultzaileetan, zeure iritzi eta idealen arabera.

        Kapitalismoaren agonia luzatzen den heinean, sistema genozida honen gorpua usteldu eta kirasten den neurrian, alternatiba ez da jadanik XX. mendeko iraultzaileek aldarrikatu zutena, “Sozialismoa ala Basakeria!”, baizik eta hauxe:

 

IRAULTZA SOZIALISTA ALA

EXTINTZIOA!

Herritar Batasuna

Deskargatu