INDEPENDENTZIA ETA SOZIALISMOAREN BIDEAN AMNISTIA OSOA!

INDEPENDENTZIA ETA SOZIALISMOAREN BIDEAN

AMNISTIA OSOA!

LARUNBAT HONETAN, DENOK BILBORA!

HERRITAR BATASUNAk berriro adierazi nahi du bat egiten duela erabat eta osoki arazoaren 24an, Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren aurkako Mugimenduak Bilbon deitu duen manifestazio nazionalarekin.

Dei egiten diogu Euskal Herri Langileari, eta zehazkiago euskal militante abertzale eta sozialista iraultzaile guztiei manifestazio horretara joateko, AMNISTIA OSOAren aldeko borroka areagotzeko maila guztietan, eta bereziki laguntzeko Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren aurkako Mugimenduari. Herri mugimendu honen lanak eta borrokak giltzarri izan dira, badira eta izanen dira Amnistiaren aldeko borroka berriro indartzeko.

Behin baino gehiagotan azaldu izan dugu gure jarrera Amnistiari buruz, bereziki duela hilabete, urriaren 20an zabaldu genuen agirian. Ez dugu deus berririk esango beraz. Gainera Amnistiaren aldeko Mugimenduak ezin hobeki adierazi du zergatik borrokatu behar dugun euskal gudari presoentzako Amnistiaren alde. Arrazoiak hamaika dira. Nork bereak.

Amnistiaren alde borrokatzea, betidanik egin izan dugun bezala, Euskal Herri Langilearen borrokaren legitimitatea aldarrikatzea da, bereziki euskal gudariena, eta estatu zapaltzaileen bortizkeria etengabe salatzea. Amnistiaren alde borrokatzea, Independentzia, Sozialismoa, Birbatasuna eta Berreuskalduntzearen alde urte hauetan gudariek egindakoa defenditzea da, etsaien gezur, manipulazio eta intoxikazioen aurka. Amnistiaren alde borrokatzea da Euskal Iraultzaren esperantza bizirik atxikitzea, erreformismo, posibilismo eta oportunismo guztien kontra.

AMNISTIA OSOA eskatzen dugu euskal preso politiko guztientzat, direnak direla gaur egun dituzten jarrera politikoak edota gurekiko dauzkaten diferentzia taktiko zein estrategikoak. Euskal Herriaren askatasunaren alde borrokatu diren militanteak dira, eta kalean libre behar dute, inolako baldintzarik gabe, eta ez gure nazio zein klase etsaien atzaparretan.

Bainan argiro adierazi nahi dugu, aldi berean, Espainiako Erresumaren estatu terroristak giltzapean dituen sei abangoardiako militante abertzale eta sozialista iraultzaileen zintzotasuna, koherentzia, ausardia, eskuzabaltasuna eta tinkotasuna txalotu, babestu eta miresten dugula: Txikito, Patxi, Saioa, Ibai, Danitxu eta Jon Kepa.

Gudari hauen militantzia iraultzaileak eta salaketek agerian utzi dute EPPKren gehiengoak erabakitako ildoa guztiz okerra dela, euskal sozialdemokrazia autonomistaren estrategia erreformista, oportunista eta posibilistaren baitan kokatzen delako, PNVren interesen mende.

EPPKren preso bakoitzak, duela urtebete baino gehiago gehiengoak hartu zuen erabakiak egoera konpondu ote duen galdetu beharko lioke bere buruari, baita zintzotasunez erantzun ere. Eta damutu nahi ez duenak, noiz arte egon behar du isilik?

Berriro esan behar dugu estatu zapaltzaileen legea presoak askatzeko erabiltzea ezinezkoa dela. Lege eta arau guztiek bilatzen dutena da euskal preso politikoen arteko batasuna eta elkartasuna suntsitzea. Beti ere, giltzapeko militanteen derrota politikoa eta errendizioa lortzera bideratuta daudelako.  Azkenean, damutzea eta kolaborazioa erdiesteko.

Amnistia Osoaren aldeko borroka kokatu behar dugu Independentzia eta Sozialismoa lortzeko estrategia iraultzailearen baitan. Estatu Frantses eta Espainolaren sistema politiko burges eta inperialistak errotik irauli gabe ez dugu Amnistia Osoa lortuko. Euskal preso politiko guztien askatasuna Euskal Iraultzaren garaipenaren bidean kokatzen da, eta Euskal Nazioaren duintasunaren bihotzean.  

Eta ez dezagun geure burua engaina, gure nazio eta etsaien aurka gero eta gogorrago borrokatzen garen heinean, preso eta iheslari gehiago izango dira. Euskal Herri Langilea askatzeko borroka ez da amaitu, ezta amaituko, harik eta Independentzia, Sozialismoa, Birbatasuna, Berreuskalduntzea eta Feminismoa lortu arte. Garaipena da alternatiba bakarra. Iraultza da bide bakarra.  

PRESOAK KALERA, AMNISTIA OSOA!!!

AMNISTIARIK GABE, BAKERIK EZ!!!

GORA EUSKAL IRAULTZA!!!